XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KONDAIRATXOA

Behin batean mutiko bat izan zen. Baserriko giroan jaio eta baserritako sukalde eta ataritan ikusten genuen. Eta Goiz Argi zuen izena. Aldizkari bat zen; aldizkari apala.

Eta bere garai hartan modazko ez zen euskaraz jantzita agertu ohi zen. 1959an jaio zen. Jose Antonio Garate eta Karmelo Iturria frantziskotarrek eman zioten sorrera eta urte askotxo iraun zuen bizirik.

Bere egiteko nagusia gure nekazari jendeari adore eman eta haien kultur arloa laguntzea izan zuen. Eta hori kosta ahala kosta euskaraz egin nahi izan zuen.

Aipatu gizon horien ondoren beste bultzagile batzuk ere izan zituen Goiz Argi-k: Iñaki Bereziartua, Eujenio Agirretxe, Fernando Mendizabal... Eta horien lana ezezik, Karlos Santamaria eta Jose Migel Zumalaberen bultzakadak ere beharrezko izan zituen ume koxkor hark.

Eutsi, eutsi! Ez etsi hots egiten zioten gizon jator haiek.

Liburuxka honetan daukaguna Goiz Argi hartatik jasotako ale batzuez osatutako orri sorta da. Ez gizarte osoari, bai Euskal Herriko giza sail txiki bati eskainitako gogoeta mordoxka, garai istilutsu bateko gure nekazari-jendeari eskainia, alegia.

Horregatik liburuxka honek gure nekazarien sukalde eta ogibide, pozaldi eta aiene, kezka eta elkarrizketa, elizkizun eta mundualdi, ezintasun eta bizipenak gogoratzen ditu.

Hemen bildutako idazkitxo denak tarte historiko bati lotuak daude. Ez dira gaurkoak. 1965-1975 hamarkadari lotuak dira.